Kalean, autoen zaratak, semaforoaren seinale-hotsa
eta denetariko zaratak entzuten dira; tartean, sakelako telefono baten hotsa
ere entzuten da.
1. laguna: Bai, esan? Nor da? Bai?
2. laguna: Kaixo, motel, non habil? Hori duk zalaparta!
1. laguna: A! Hi haiz-eta! Hitz egin ezak ozenago, ez diat tutik entzuten-eta!
2. laguna: (Oihuka). Ez duk harritzekoa. Zera, zoora joatekoa nauk lagun
batzuekin. Etorri nahi al duk?
1. laguna: Zoora? Zer zegok, bada, zooan? Hori duk plan eskasa, motel!
2. laguna: (Oihuka). Lagunak kanpokoak dituk, bi neska; oso jatorrak dituk eta,
gainera, oso ondo zeudek.
1. laguna: Lehenago esatea huen! Horrela bai! Zer ordutan elkartuko gaitu?
2. laguna: (Oihuka). Zer iruditzen zaik lauretan autobus-geltokian?
1. laguna: Tren-geltokian?
2. laguna: (Oihuka, are ozenago). Ez, motel, ez, autobus-geltokian!!
1. laguna: Ondo, gero arte! (Kalean zarata entzuten da oraindik).
Tarte bat igaro da
eta arratsaldeko laurak heldu dira. Autobus-geltokian, baina zaratarik gabe.
1. laguna: Hi, bahuen garaia! Ordu-erdi berandu hator!
2. laguna: Ordu-erdi berandu? Hi pitzatuta hago! Lauretarako egin diagu hitzordua!
1. laguna:Hiru eta erdietarako ulertu diat!
2. laguna: Garbitu hitzak belarriak, motel!
1. laguna: Gaizkiulertua izan duk eta barkatzen diat.
2. laguna: Hara, bestea! Gaizkiulertuak direla-eta… ezetz jakin nondik datorkion
kanguruari bere izena. Gaur irakurri diat sarean.
1. laguna: Zera… Nola jakingo diat, bada?
2. laguna: Ingelesak, Australia aurkitu zutenean, jota seko harrituta geratu
zituan saltoka ibiltzen ziren animalia batzuk ikustean. Inguruan bertako
aborijen horietako bat omen zebilean eta keinuz-edo galdetu omen ziotean
animalia hark nola zuen izena. Besteak behin eta berriz erantzuten omen ziean
<<Kan Ghu Ru, Kan Ghu Ru>>, eta bitxoari kanguru izena jarri
ziotean ingelesek. Azkenean, hizkuntzalariek Australiako aborijenen hizkuntza
aztertu eta jakin zitean gizonak zer esan zien atzerritarrei: << Ez dut
ulertzen ez dut ulertzen>>…
1. laguna: Ona! Aizak, erabili al zezakeat kontu hori neskak txunditzeko? Hik uste
duk ligatzeko baliagarria izango zaidala?
2. laguna: Saiatu hadi!
No hay comentarios:
Publicar un comentario